Metro Bilbaok bi neurri ezarri zituen geltokietan gorren eta itsuen irisgarritasuna hobetzeko. Irisgarritasuna sustatzen jarraitzea bere instalazioetan erabatekoa izan dadin lortu arte, horixe da enpresak hasiera-hasieratik dituen helburutako bat.

Ekainaren 23an Metro Bilbao, Euskadiko Gorrak eta ONCE elkarteek beste bi neurri aurkeztu zituzten, gorrei edo entzumen urriko pertsonei, eta itsuei edo ikusmen urriko pertsonei garraio-zerbitzu irisgarriagoa eskaintzeko. Bi ekimenek metro-zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko informazioa eskurago jartzen die. Abando geltokian egin zen erakustaldian Euskal Gorrak-en presidente Aitor Bedialauneta, ONCE Euskadiren ordezkari Usue Vallejo eta Metro Bilbaoren zuzendari nagusi Eneko Arruebarrena bildu ziren.

Informazio eskuragarriagoa
Gor dauden edo entzumen urria duten pertsonen arreta hobetzeko bideo-interpretazioko plataforma bat (SVIsual) jarri da, urruneko komunikazioa bideratzen baitu. Plataforma hori Komunikazio-barrerak ezabatzeko CNSE fundazioak sortu du, Gorren Estatuko Konfederazioarekin elkarlanean, eta Industria Ministerioak, Gizarte-politiken eta Agenda 2030aren Ministerioak eta ONCE Fundazioak lagundu eta babesten dute.
Zerbitzu hori metro-zerbitzuaren ordutegi berean ematen da, eta ikusmen eta entzumen urriko pertsonek gainerako herritarrei ematen zaien informazio guztia jaso ahal izan dezaten. Hartara, app hori deskargatu eta gero, behar duena bideo-interpretazioko zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke, zeinu-hizkuntza ezagutzen duten, alegia, bezero gorren galderak erantzun eta zalantzak argitzeko gai diren pertsonekin. Horretarako, Metro Bilbaoren instalazioetako interfono guztietan dagoen zenbaki-kodea sartu besterik ez da egin behar. Identifikazio-zenbaki horri esker, deia erantzuten duenak gorraren kokapen zehatza jakingo du.
«Hemendik aurrera, Euskal Gorrak eta Metro Bilbao elkarlanean aritzeari esker, bideo-interpretazioaren bidez, gorrok zeinu-hizkuntza erabil dezakegu komunikatzeko, eta hori oso garrantzitsua da gure kolektiboarentzat», esan zuen Bedialaunetak.
Braille eskudeletan
Metroaren irisgarritasuna hobetzeko bigarren ekimena itsuei edo ikusmen-arazorik duten pertsonei zuzentzen zaie; mezzaninako eskudelen behealdean jartzen den braille-seinale bat da, itsuak, ukitzean, joan nahi duen lekura heltzeko zein nasatara jaitsi behar duen jakin dezan.
Proiektu hori garatzeko ONCEko boluntarioek lagundu ziguten, Indautxu geltokian proiektu pilotua probatu eta aholkuak emanez. Lankidetza horren ondorioz hobekuntzak sartuz joan ginen jada orain geltoki guztietan ezarrita dauden seinaleetara heldu arte. Eskerrik asko ONCEko boluntarioei hobetzen laguntzeko beti prest egoteagatik.
«Gaur aurkezten den braille-sistema ikusmen urriko pertsonentzako beste lorpen bat da, mugitzean garraiobide irisgarri batek ematen dien segurtasun-sentipena izateko. Beste urrats bat zentzumen-irisgarritasuna erabatekoa izateko gure eskarian, zein Metro Bilbaok beti ondo hartu duen», azpimarratu zuen Vallejok.
Informazioa Braillen dakarten txartel-azal berriak
Txartelak eroateko zorro-modelo berria diseinatu zen, non itsuentzako informazioa sartu zen estreinako. Erraz aurkitzen den braille erliebeko karratu bat txertatu zen zeinetatik eskuko telefonoaren bidez audio bat entzun ahal zitekeen.
Txartel-azal horiek ONCErekin elkarlanean diseinatu ziren eta eskatu eta hartzeko daude BABetan eta geltokietan.
ATUCen iraunkortasun-batzordea
Batzordea gure bulegoetan bildu zen, eta bertaratu zirenek gure enpresaren irisgarritasun-proiektuen berri jaso zuten. Geltokietara joan ziren entzumen urriko pertsonentzako informazioaren eta trenaren eta nasaren arteko distantzia fisikoa murrizteko dispositiboak ikustera.
