Metro Bilbaok mugarri bat lortu du 92,3 milioi bidaia kopurua gainditu eta urteko errekor berria ezarrita. Hiriarteko trenak atzean utzi ditu pandemiak eragindako kalte handiak, eta aurreko gailur historikoa, 2019ko 91,5 milioiren bidaia-kopurua ia %1 hobetu du.
Metro Bilbao metropolia egituratzen duen ardatza eta Bizkaian gehien erabiltzen den garraiobide publikoa da. Bizkaian garraiobide publikoan ibiltzen diren bi pertsonatatik batek metroa erabiltzen du.
Era berean, azaroan eta abenduan historiako erregistrorik onenak lortu ziren.
Lanak edo ikasketek eragindako garraio-ohiturak berreskuratzeari esker lehengoratu da pultsua lanegunetan, aisialdiko jardueretako eta asteburuetako joan-etorrien estatistika izugarri hobetu bazen ere, %18 eta %5 igoz 2022aren eta 2019aren aldean, hurrenez hurren.
San Tomas izan da, berriro ere, egunik jendetsuena, hiriarteko trenaren historiako bigarren erregistrorik onena, hain zuzen.
Eskaria gehien jaiegunetan hazi arren, neguko lanegunetan lortu ziren Metro Bilbaoren eguneko markarik onenak, batez beste 299.583 bidaiarekin, 2019an (300.048) baino apur bat gutxiago. Zehazki, igoerarik nabariena 14:00-15:00 tartean izan da; datu horretan oinarritu da hiriarteko tren-konpainia aurtengo zerbitzuaren maiztasuna hor indartzeko.